Emakumeak
Bilbotar mendizalea, emakume kirolarien aitzindaria. Bera izan zen ehun mendien txapelketa osatu zuen lehenengo andrazkoa.
1924an Bilboko Club Alpino sortu zen. Hamabi bazkide sortzaileen artean emakume bat zegoen, Raimunda Royo. Mendizalea zen Raimunda, eta hurrengo urteetan ederto erakutsi zuen. 1914an abiatu zen Ehun Mendien Lehiaketa, alegia, Euskal Herriko ehun tontor ezaugarri epe jakin batean igotzeko txapelketa. Euskal Federazioa eratu zenean (1924), bere gain hartu zuen lehiaketaren ardura eta ehun mendiak igotzen zituztenei egiaztagiria emateko lana. Bada, 1930eko azaroaren 2an Federazioak Arrateko santutegian egin zuen batzarrean ehun mendien lehiaketa osatu zuen lehenengo emakumea saritu zuten: Raimunda Royo.
Alpinon segitzen zuen bilbotar mendizaleak eta ez zen emakume bakarra. Lehiaketa osatze bidean zebilen elkarte horretako beste bazkide bat, Agustina Saez. Eta batzar hartako aktan ikusten denez, beste mendi elkarte askotan ere emakumeak ziharduten, kirol horretan buru belarri. Horren erakusgarri dugu, halaber, Antonio Ferrer mendizaleak 1930eko urtarrilean Excelsiorren argitaratu zuen artikulua, emakumeak eta mendia gaitzat hartuta. Andre ausart haiek goraipatu zituen eta izen bi aipatu zituen, Esperanza Alvarez eta Raimunda Royo.
Iturria: Bilbaopedia