HASIERA HONI BURUZ MAPA EMAKUMEAK MEG EKARPENA EGIN

Creative Commons lizentzia


2024 IAMETZA

LEGE OHARRA PRIBATUTASUN POLITIKA

HARREMANETARAKO

SAIOA HASI  

Emakumeak


Polixene Trabudua
Politikaria
1912-09-23

Polixene Trabudua Agirrezabal Euzko Alderdi Jeltzaleko mitinlari ospetsu izan zen 1936ko gerraren aurretik.

Polixene Trabudua Agirrezabal (Sondika, 1912- Zeberio, 2003) Euzko Alderdi Jeltzaleko mitinlari ospetsu izan zen 1936ko gerraren aurretik, Haydée Agirre, Julene Urzelai eta Maria Teresa Zabalarekin batera, emakumezko laukote famatuko kidea izan zen.

Sondikan jaio zen Polixene Trabudua. Bere gurasoek bi haur haurdunaldian galdu ondoren, bera ere larri jaio zelarik, aitak jaioberritan azkar-azkar bataiatu nahi izan zuen, eta izenik pentsatu gabe joan zen elizara. Abadeak aholkatu zion arren eguneko santuaren izena jar ziezaiokeela, aitak Greziako jainkosa ez oso ezagun batena aukeratu zuen, Polixena jainkosarena, aldaera txiki horrekin nonbait.

Sondikan egin zituen lehen ikasketak 7 urterekin, eta Bilbon jarraitu zuen gero Hijas de la Cruz ikastetxean. Maistra izateko eskolak egin zituen Bilbon. Horren ostean, Sondikako ikastolan hasi zen euskarazko klaseak ematen, baita Bilboko Bidebarrieta kaleko batzokian ere. Han sartu zen EAJ barruko Emakume Abertzale Batzan. 1933an bertan atxilotu zuten eta Larrinagako kartzelan sartu, mitin batean independentziaren alde esandakoengatik. 15 egun eman zituen bertan, Haydee Agirrerekin batera. Eli Gallastegi Gudari buru zuela Yagi Yagi talde independentista Eusko Alderdi Jeltzaletik bereizi zenean, Trabuduak haiekin bat egin zuen, alderdiaren politika autonomikoa kritikatuz.

1937an gudak eztanda egin zuenean bi seme-alaben ama zen dagoeneko Trabadua eta haurdun ere bazegoen. Deustun kargaontzi batera igo eta Bordelera egin zuten ihes lehenengo. Bertatik, baina, Donibane Garazira joan eta 36ko gerraren ondorioz erbesteratutako umeen koloniak antolatu zituen Polixenek. Rouenen ere bizi izan zen, bere senarrak Rouen futbol klubarekin kontratua sinatu ostean. Alemaniak Estatu frantsesa erabat okupatutakoan, baina, Parisen hartu zuen familiak aterpe. Han izan ziren gudaren amaieraren testigu. Bretainiako futbol talde batekin senarrak sinatutako beste kontratu batek berriz mugiarazi zituen bai Trabudua bai dagoeneko jaiota zituen bost seme-alabak.

1950ean Athletic futbol taldeak entrenatzaile gisa aritzeko eskaintza egin eta onartu egin zuen Mandalunizek. Zalantza eta beldurrez beteta itzuli zen familia frankismoa bizi-bizi zen Euskal Herrira, hala gogoratzen du bederen Polixenek bere memorietan. Errealitate gordinak azkar asko eman zion arrazoia sondikarrari; Polixene bera eta senarra «aberriaren etsai» izendatu zituzten eta hilabete gutxiren buruan Athleticek Mandaluniz kargugabetu egin behar izan zuen. Polixene, denbora gutxiz izan baldin bazen ere, atxilotu eta preso izan zuten.

Azkenean, 1936ko gerrako, Estatu frantseseko erbestealdiko, alemaniarren okupazio garaiko eta Bigarren Mundu Gerrako oroitzapenei agur esan, eta, itsasoa tarteko jarrita, Venezuela hartu zuen familiak aberri. Bertan ikusi zituen hezten bere hiru alaba eta bi semeak Polixenek.

Profesioz irakaslea zen Polixene eta Euskal Herrian igarotako gaztaroan, Estepan Urkiaga Lauaxeta olerkari ezagunak lagunduta, Sondikako eskolako atea zabaldu zion euskarari. Venezuelan bere bokazioa berrartu eta espetxeetan jardun zuen irakasle lanetan, Maracaibon espetxe lizeo bat ere sortuz.

Trabuduak Venezuelarekin izandako lotura estua izan zen bere heriotzaraino. Bertan eman zion azken agurra senarrari eta han utzi zituen seme-alabetako lau eta hamabost biloba. Polixenek, baina, Euskal Herrian igaro nahi zituen bere azken egunak, eta, hala, Unai seme gazteenarekin egin zuen itzulerako bidaia. Zeberion hil zen, 2004an.

Iturria: Wikipedia eta Kazeta.info

Azken eguneraketa: 2019-03-19

Creative Commons lizentzia


2024 IAMETZA

LEGE OHARRA PRIBATUTASUN POLITIKA

HARREMANETARAKO