HASIERA HONI BURUZ MAPA EMAKUMEAK MEG EKARPENA EGIN

Creative Commons lizentzia


2024 IAMETZA

LEGE OHARRA PRIBATUTASUN POLITIKA

HARREMANETARAKO

SAIOA HASI  

Emakumeak


Maurizia Aldeiturriaga Zabala
Musikaria
1904-10-22 - 1988-05-19

Trikiti musikako pandero jotzailea eta abeslaria.

Zeberioko Egia auzoan jaio zen, eta txikitatik panderoa jotzen eta koplak inprobisatzen ikasi zuen. Bederatzi urte zituela neskame joan zen Basurtura, ganadu tratante baten etxera. Han hiru urte inguru eman ondoren, berriz ere Zeberiora itzuli eta Ugaoko hariki fabrikan hasi zen lanean. Hamabi urte besterik ez zuela hasi zen Maurizia jaiegun eta festetan herriko plazetan jotzen. Patuak idatzita zuen moduan, panderoa jotzen eta kopla zaharrak abesten ezagutu zuen Mauriziak Benantzio, bere senarra izango zena.

Ezagutu zirenean, segituan ikusi zuten bikote musikal paregabea zirela; zeinek asmatuko zuen orduan bi gazteak Euskal Herri musikan izan den bikote bikainenetarikoa izango zirenik. Hamazazpi urte besterik ez zituen Mauriziak Benantzio ezagutu zuen egunean. Benantziok berak baino bat gehiago. Mauriziari Benantzioren jotzeko modu bizi eta gogorra gustatu eta elkarrekin jotzen hasteko proposamena egin zion. Modu horretan, plazarik plaza ibiliz, kopla zahar, pandero eta soinuaren musikak beste era bateko soinu batzuk ere astindu zituen: bihotzarenak. Senar-emaztegai gisa zazpi urte eman eta gero, 1927ko azaroaren 5ean ezkondu ziren. Bikoteak seme bat izan zuen.

Gerra Zibila
Maurizia zerbait bazen, indarra zen; bizitza ez zen erraza izan musikariarentzat, eta horrek ere, asko eragin zuen bere jotzeko moduan. 1937an gerratik ihesi Zeberioko Egia auzora itzuli ziren, eta segituan Santanderrera egin zuten ihes; handik gutxira harrapatu zuten Benantzio, Frantziara joan nahian, eta hiru urteko espetxealdia ezarri zioten: Santoñan bertan, Dueson, Cadizen, Cela Novan. Garai gogorrak izan ziren Mauriziarentzat. Okerrenak, hala ere, senarrak eraman zituen. Santoñako espetxera bisita egiten zionean, Maurizia ikaratuta itzuli zen etxera. Ehun eta hogei kilotik gora zen gizona, berrogei eta hamazortzi kilorekin aurkitu zuen. Gerraostea, ere, ez zen erraza izan; Benantziori adibidez, ez zioten hasieran behintzat, «Vasconia» fabrikan zuen lanpostura itzultzen utzi.

Gerrak, noski, plazarik plaza ibiltze hori eten egin zuen, baina laster hasi zen Maurizia ostera ere Dimara Pazkoatan, Laudiora Santa Luziatan eta abar. Benantzio eta Maurizia bikoteari Leon Bilbao alboka jotzailea batu zitzaien garaia zen hura. Benantzio 1978ko urtarrilaren 25ean hil zen, baina lehenagotik utzia zuen soinua, osasun arazoak tarteko. Hala, Mauriziak, Leonek eta Fasio Aradia trikitilariak hirukote aparta osatu zuten. Fasio zendu ostean, aldiz, Basilio Undagoitia soinujole, pandereteru eta trikitilariak jarraitu zuen Maurizia eta Leonekin. Abesteko modu kementsua zen Mauriziaren musikaren ezaugarri nagusia.

1988ko maiatzaren 19an hil zen, Zeberion, eta ia hil arte jo izan zuen panderoa.

Iturria: Wikipedia eta Gaztezulo

Azken eguneraketa: 2019-02-27

Creative Commons lizentzia


2024 IAMETZA

LEGE OHARRA PRIBATUTASUN POLITIKA

HARREMANETARAKO