Emakumeak
Oiartzungo Ergoien auzoko Galtzareta baserriko alaba zen eta bertsotan trebea. 1907an, 43 urte zituela, Juan Kruz Irastortzarekin Zabale baserrira ezkondu zen. Ezkondu ondorengo bertsorik edo bertso jardunik ez da jaso.
Martxelina bertsolaria zen, nahiz eta garai haietan emakume izanagatik arazoa besterik ez izan. Aita Zavalak berari buruz gogoratutakoa eta bertso gutxi batzuk jaso ahal izan zituen: Erromerietan eta bileretan bertsolariak omen izaten zirenean Martxelina harengana hurreratu eta sarritan beraiekin bertsotan lotzen omen zen, batzuetan entzuten zegoen lekutik eta beste batzuetan bertsolariengana hurbilduta. Martxelinaren lau ahizpek eta lagunek ez omen zuten gustuko hau eta errietan egiten omen zien, eta beragandik alde egin, baina hura bertsolaria izanik, ezin gelditu. Jaietan Galtzarretara inor laguntzera joandakoekin ere bertsotan aritzen omen zen, eta edozein momentutan erantzuna ere bertsotan ematen zuela Martxelinak. Bizia eta ausarta zela edozein gizonekin bertsotan aritzeko, eta gizasemeen moduko ahots altua zuela.
Oiartzungo “Hau leku aittorra” lanean jasota dagoen bezala, Laxaro eta Joxe Miel Eskudero Lekuonaren kontaerari jarraituaz, Artikutzan urtero bertsolari txapelketa egiten zen San Agustin jaietan, abuztuan. Urte batean, Martxelina eta Txirrita aritu ziren, eta bertso ezagun hauek kantatu zituzten, jarritako gaiari erantzunez. Urte horretan, bi bertso horien ondoren saria Martxelinari eman zioten (doinuak aipatutako liburuan bertan aurki daitezke):
--Txirritak:
Aditu bihaituzu
nere abisuak
hoyek izango dira
gauza prezisuak
jakiñaren gañian
jarri gurasuak
bestela ez du baliyo
nere desiuak.
--Martxelinak erantzun:
Aitakiñ eta amakiñ
konpontzen naiz ondo
haitaz eskusarikan
jartzerik ez dago;
jakiñaren gañian
dirade lenago
libertadia hartua
aspaldiyan nago.
“Hau leku aittora” lan horretan ere jasota dago Martxelinak hurrengo urtean Artikutzan Txirritari kantatutako bertso ezezaguna jasota dago, neurriarekin gorabehera askorekin:
Aspalditxuan dabilkit
gauza bat goguaz
edadian ‘e bastate
aurrera baiguaz
biyek ezkondu ta biziko gera
txit modu kuriyosuaz
zuk bersuak atera ta nik
kanta-paperak salduaz.
Eta Txirritak Martxelinari bota omen zion bertsoa ezagunagoa da:
Martzelinatxo deitzen diote,
Galtzaretako alaba,
zere denboran egiña zera
zeinbait kanta ta algara,
kantak aztuta bizi biazu
nekin ezkontzen bazera.
Eta aldaera hau:
Martzelinatxo du izena,
Galtzaretako alabak;
begira dagon jendiak ere
esango dute: Ala da!
Batzuek parra egingo dute,
bestiak berriz algara,
kantak aztuta biziko zera
nekin ezkontzen bazera.
Lexoti bertsolariak ere Oiartzungo Galtzarretako neskatxa batekin (ustez Martxelina) maiteminduta zegoen amerikano baten bertsoak ere gogoratzen zituen:
--Amerikanoak:
Zure ait'eta amak eta nik
itzez tratatu genduan:
al baldin bazan esposatzeko
biyok aurtengo neguan;
oraintxen laixter esan beauzu
zer dadukazun goguan;
bazenakizu ni zuretzako
zer gauza ona naguan!
--Martxelinak:
Zu gauza ona baldin bazaude
munduan ez da txarrikan,
badirurizu gaur bertan irten
zerala infernutikan;
naiagatikan ez dezu entzungo
nigatik baiezkorikan,
etzait gustatzen zu bezelako
mutilzar itxusirikan.
--Amerikanoak:
Ez al diozu begiratutzen
nere poltsa diruari?
Ortatik sobra dabilkigunak
gauza daukagu ugari.
Ez al dituzu ikusi izandu
errian zenbat dendari
jatekorikan eman nai ezik
dirurik eztuenari?
--Martxelinak:
Orrelakorik eztet aditu
jaiotzetik oraindaño,
nere negarra zabalduko da
Amerikatik auntzaño,
zuk izan arren urre ta zillar
zedorri estaltzeraño,
nik naiago det neskazar bizi
zurekin ezkondu baño.
Inazio Mitxelena "Artxabaleta"-ri Martxelinak botatako bertsoa (Oiartzungo plazan?) ere gogoratzen da:
Artxabaleta, mutil polita,
gustatzen zitzaidan gaztetan;
onta ezkero igualtsu da
esan eta're plazetan;
nai dezunian juan zaitia,
antxen bizi naiz Galtzatan.
"Hau leku aittorra" lanean, Martxelinak ere emakumeek bertsotan jasan behar izaten zituzten irainak jasan behar izan zituela dakar, Laxaro Eskuderoren bidez jakinda:
“Goizuetako Kaiku esaten ziotena aitzen zen kantari zerbatte –baño ez zen bersolaiya, e?-, ta harrek astokei batzuk esanak, gaizki esanak, puta bat izango balitz bezela, postura hortan. Ta [Martxelinak] geyo ez zela jongo esan ‘men zun, plaza(ra), ta ez ‘men zen jon geyo. Hoi ‘re aittu izan dut. Kaiku, ikazkin aitzen zen, ta herrira etortzen bazin beti mozkorrak, biño [bertsolari bezala] ez zun baliyo ezer."
(...)
"Joxe Miel Eskuderok zioenez, Martxelina ez zen tabernetara joaten, kantatzera, edozer gauza entzun behar izaten baitzuen…!, baina “bersolai ona ‘men zen, gue attak hala ‘saten zun”."
Irudia: Txakur Gorria
Iturria:
-Bertsozale Elkartea
- Zavala, Antonio. "Oiartzungo beste lau bertsolari". Auspoa; 119. https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/auspoa/10682.pdf ]
- Mendizabal, Agustin. “Hau leku aittorra! : Oiartzun haraneko kanta eta bertso zahar bilduma berria”. Oiartzun: Udala, 2017.