HASIERA HONI BURUZ MAPA EMAKUMEAK MEG EKARPENA EGIN

Creative Commons lizentzia


2024 IAMETZA

LEGE OHARRA PRIBATUTASUN POLITIKA

HARREMANETARAKO

SAIOA HASI  

Emakumeak


Marie Coulun
Feminista

Parisen jaio arren, Marie Coulun lehen emakume feminista euskalduna izan zen.

Frantziako hiriburuan jaio zen Coulun, 1837an. Ondoren, baina, madame d’Abbadia d’Arrast gisa ezagunagoa egin zen, izan ere, 21 urte zituela Charles Abadia Urrustoirekin ezkondu zen, besteak beste lore jokoak eta euskal festak antolatu zituen Anton Abadia Urrustoi geografo, astronomo eta kultur eragile ezagunaren anaia gaztearekin –d’Abbadia d’Arrast frantses izenarekin ezagutzen zen familia–.

Charles, Marie eta bikoteak eduki zituen seme-alabek familiak Baigorrin zuen Etxauzko gazteluan igarotzen zuten urtearen zatirik luzeena; gainontzeko hilabeteak, aldiz, Parisen ematen zituzten.
Marie Coulon protestantea zen eta horrek zenbait arazo eragin omen zizkion senarraren familiarekin, seme-alabak ere protestantismoan hezi baitzituen. Frantziako Emakumeen Kontseilu Nazionalak (CNFF) eta Emakumeen Eskubideen Aldeko Belgikako Ligak antolatutako Frantzia eta Belgikako lehendabiziko kongresu feministetan parte hartu zuen Marie Coulonek, CNFFeko kide gisa.

Emakumeen sufragio eskubidea temati defendatu zuen Coulonek eta Askatutako Emakumeen Patronatuaren Obra taldeko idazkari nagusia izan zen. Talde horrek espetxeratutako emakumeak bisitatzen zituen eta kartzela utzi ondoren ere laguntza eskaintzen zien. Era berean, alkoholismoak emakumeei eragindako kalteen aurka lan egiten zuten zenbait taldetan lagundu zuen Coulunek. Finean, emakumeen eskubideen aldeko aktibista sutsua izan zen eta emakumeen egoera hobetzeko borroka egin zuen. Hainbat eta hainbat egunkari eta aldizkaritan iritzi artikuluak idatzi zituen, gehienetan emakumeekin zerikusia zuten gaien inguruan. Bere alaba Lisettek, gainera, amaren testigua hartu zuen gerora.

Lisette Abadia Urrustoi Pauen jaio zen 1859an, eta, ama bezala, bizitza osoa emakumeen eta justizia sozialaren aldeko borrokan eman zuen. Etxauzen zendu zen 1902an, 43 urterekin. Ama-alaben ustez, «jatorrian gizonak eta emakumeak berdinak ziren, baina gerora emakumeek mendez mende inoiz berreskuratu ez duten indarra galdu zuten». Ama-alaben iritziz, biziki garrantzitsua zen emakumeek indar fisiko handia izatea, eta, horretarako, gimnasia egiten zuten egunero. Euskal Herriko mendiak oinez zeharkatu zituzten ama-alabek, eta hainbat txokotako emakumeak ezagutu zituzten horrela, baita haien bizimodu eta ohiturak ere. 

Marie Coulunek euskal feminismoari egindako ekarpena aztertzeko, funtsezkoa da bere bizitzako azken urteetan argitaratutako “Causeries sur le Pays Basque. La femme et l’enfant” (Paris, 1909) liburua. Izan ere, ikerketa sakonen faltan, Marie beraren, Lisette bere alabaren eta baita Virginie Vincent de Saint-Bonnet Anton Abadiaren emaztearen ekarpenak bereizteko zailtasunak izan dira.
Marie 1913an hil zen, militantziak sekula etenik izan ez zuen bizitza atzean utzita. Zalantzarik gabe, Marie Coulun eta bere alaba Lisette euskal feminismoren aitzindari garrantzitsua izan zela esan genezake.

Iturria: Kazeta.info

Azken eguneraketa: 2019-03-04

Creative Commons lizentzia


2024 IAMETZA

LEGE OHARRA PRIBATUTASUN POLITIKA

HARREMANETARAKO