Emakumeak
Kontxu Odriozola Lesaka euskal aktorea izan zen. Telebistan Bai Horixe! euskara ikasteko saioan eta Flamingo Berria nahiz Goenkale telesailetan antzezteaz gain, antzerkian eta zineman ere lan askotan parte hartu zuen. Dudarik gabe, Goenkaleko Maria Luisa Galardi pertsonaia izan da jendartean ospe handien eman zion rola. 2008an Euskal Aktoreen Batasunak bere saria eman zion.
Odriozola Azpeitiko Eliz kalean jaio zen, 1945eko uztailaren 7an. Felix Odriozola Agirre eta Ramona Lesaka Odriozolaren alaba zen. Aita azpeitiarra zuen, eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren senitartekoa zen. Ama, aldiz, Urrestillakoa zen. Aurrena herriko eskolan ikasi zuen, eta gero Miserikordiako eskolara igaro zen. Mojen eskolan zegoela egin zituen bere lehen aktuazioak, aldarean amabirjiñari bertsoak irakurtzeko hautatu ohi baitzuten.
Antzezle sena garatzen
Aitak, margolaria eta marrazkigilea izanik, Perez Arregi enparantzako Luistarren lokalean entsaiatzen zuten antzerki talde amateurrei laguntzeaz arduratzen zen. Kontxuk askotan laguntzen zion aitari, eta antzezleen entseguak ikusi ohi zituen. Era horretan, pixkanaka antzerkirako zaletasuna piztu zitzaion eta lagun zein familiarteko jolas bilakatu zen.
Eskolan geografia eta historia zalea zen, eta entziklopedia irakurtzeko ohitura zuen. Oso irakurzalea zen, eta etxean jasotzen zituzten aldizkari guztiak irakurtzen zituen. Horretaz gain, Urrestillara bisitan zihoanerako edota baserrian ardiak zaindu behar zituenerakoegutegiko orriak gordetzen zizkioten. Antzerkiaz asko ikasi zuen zinearen bidez ere, izan ere, igandero koadrilarekin zine parrokialera joaten zen, gaztelerazko filmak ikustera. Irratiak ere lagundu zion antzezle sena garatzen, irrati-nobelak zein bestelako saioak entzunez.
Bere zaletasunaren aurrean aitak beti eskaini zion laguntza, baina amak txorakeria eta denbora galtze gisa ikusten zuen. Hala ere ez zion inoiz debekurik ezarri, eta Odriozolak herri txikiko bizimodu arrunta zeritzonetik haratagoko munduekin amesten zuen.
Gaztetan Peñaflorida abesbatzan kantatu zuen. 14 urterekin egin zuen bere lehen antzerkia, Antonio Amondarainen Uste diñatǃ, Donostiako markesa baten zerbitzura zebiltzan neskame batzuen istorioa kontatzen zuena.
Maisu-ikasketak gauzatu zituen, eta 17 urtez ikastoletako andereño gisa egin zuen lan. Errenterian hasi zen lanean, eta ondoren Azpeitiko ikastolan aritu zen. Senarrarekin Donostiara bizitzera joan zenean Axular Lizeoan jardun zuen irakasle gisa. Beti ere txikiekin egin zuen lan, etengabe abesten eta antzezten. Irakasle lanetan hasi zenean euskarazko material pedagogikoa sortu beharra zegoen, eta gainerako ikastoletan euskara batua erabiltzen hasiak ziren. Hori dela eta, Azpeitiko ikastolan zebilela zenbait gurasok Odriozolaren eta senarraren aurkako kanpaina egin zuten etxez etxe, "ezkertiarrak" eta "demonioak" zirela esanez, euskara batuaren aldekoak zirelako.
Donostiara joan zen bizitzera senarrarekin, eta irakasle lanean jarraitu arren ez zuen sekula antzerkia erabat baztertu. Etxean seme-alabek askotan ikusten zuten ama mozorrotuta. Imanol senarrak Herri Irratia egiten zuen lan, eta bertan haurrentzako programak egiten zituzten Pako Sagarzazu, Txaro Arteaga eta Enkarni Genuak, besteak beste. Gipuzkoako Kutxak larunbat goizetarako haurren programa bat babestu nahi zuen, eta horretarako Odriozolari deitu zioten. Lantaldeak gidoiak zein esketxak prestatzen zituen, eta gero ordubeteko emanaldiak emititzen zituzten irratian.
1981ean, irakasle zela eta irratian kolaboratzen zuela bikoizketa eskola bat ireki zen Donostian, arduradun Xabier Lete zuena. Halaber, Euskal Telebista izango zena garatzen hasia zen. Odriozolak antzerkian aritzeko gogoa zuen, baina ez zekien nondik hasi eta bikoizketan aritzea aukera gisa ikusi zuen. Era horretan iluntzeetan bikoizketa ikasten hasi zen.
Antzerti
Bikoizketa ikastaroa amaitzen ari zela Eusko Jaurlaritzak Antzerti eskola ireki zuen. 36 urte eta hiru seme-alaba txiki izanda, Imanol senarrarekin kontuak atera eta haren soldata gabe aurrera egin zezaketela ikusi zutenean hartu zuen Odriozolak sarrera-azterketara aurkezteko erabakia. Proba gainditu zuenean ikastolako lana utzi zuen, lanpostu finkoari uko eginez, eta antzerki eskolan murgildu zen. Ikaskide gehienak 20 urte inguruko gazteak ziren, eta bere adineko jende gutxi zegoen, tartean Mikel Garmendia, Arantxa Gurmendi eta Felipe Barandiaran. Hiru urtez aritu zen antzerki eskolan ikasten, hilean 20.000 pezetako beka batekin biziz. Prestatu zituzten antzerki obrek, publiko asko izan ez arren, kritika onak jaso zituzten.
Iturria: Wikipedia