HASIERA HONI BURUZ MAPA EMAKUMEAK MEG EKARPENA EGIN

Creative Commons lizentzia


2024 IAMETZA

LEGE OHARRA PRIBATUTASUN POLITIKA

HARREMANETARAKO

SAIOA HASI  

Emakumeak


Emilia Zubeldia Inda
Musikagile eta piano-jolea
1888-12-06 - 1987-05-26

Emiliana Zubeldia Inda nafar musikagile eta piano-jotzailea izan zen. Parisko Schola Cantorumen ikasi zuen, Vincent d'Indy irakasle izan zuela. 1933an New Yorkera eta 1937an Mexikora joan zen, eta bertan egin zuen bere ibilbide profesional gehiena. 

Lehen urteak eta ikasketak
Emiliana Zubeldia Jaitz herrian jaio zen, 1888ko abenduaren 6an. Asunción Inda izan zuen ama, eta León Antonio Zubeldia aita. Emilianak hemezortzi hilabete besterik ez zituenean, Iruñera aldatu zen familia. Bertako musika-giroan hazi zen, beraz, Iruñeko Orfeoiaren, Santa Zezilia elkartearen eta musika banden eskutik. Horretaz gainera, aitonaren pianoa ere aurkitu zuen Nafarroako hiriburuan, bere musika ibilbideari hasiera eman ziona.

Iruñean hasitako musika ikasketak Madrilgo kontserbatorioan amaitu zituen. Iruñera itzuli ondoren, Pariserako bidea hartu zuen, hango Schola Cantorum ezagunean piano eta konposaketa ikasketak egiteko. Vincent d'Indy maisuak zuzendutako eskola horretan irakasle ospetsuak izan zituen, besteak beste Blanche Selva eta Désiré Pâque. Parisen, gainera, pianorako piezak konposatzen hasi zen, baita hainbat elizatan organoa jotzen ere.

Parisera egin zuen lehenbiziko bidaia hartan bere lekua aldarrikatu zuen musikaren munduan, eta figura aktiboa izan zen mende hasierako abangoardia artistikoen giroan, bere jarduera artistiko propioa garatuz. Schola Cantorum-eko irakasleak ezezik, Joan Miró eta Pablo Picasso margolariak eta Claude Debussy konpositorea ezagutu zituen, besteak beste, eta baita Maurice Ravel lapurtarra ere. Azken horrekin harreman estua izan zuen.

Musika ibilbidearen hasiera
1908ko eguberrietan, Iruñera itzuli zen Zubeldia. Handik egun gutxira, 1909ko urtarrilean, haren aita, Antonio Zubeldia, zendu zen. Atsekabeari aurre egin zion, eta musikaren bidetik jarraitu zuen. 1909. urtean bertan, Zubeldia Musika Akademia ireki zuen. Horretaz gainera, lehenbiziko piano kontzertuak eskaini zituen Iruñean bertan, eta Bordele, Donostia, Baiona eta Biarritzen geroago. 1917an, Madrilera iritsi zen, eta Arte Ederretako Zirkuluan, Ateneoan, Ritz hotelean, eta beste leku askotan aditu ziren haren notak. Kritika bikainak jaso zituen Espainiako hiriburuan.

Madrildik Iruñera itzulirik, Iruñeko Udaleko laboratorioko nagusi Joaquín Fuentesekin ezkondu zen 1919an. Urtebete geroago, 1920ko ekainean, irakasle plaza lortu zuen Emilianak Iruñeko Udal Musika Eskolan. Joaquin Fuentes senarraren ondoan emandako urteak, ordea, laster amaitu ziren. 1922an, Parisera joan eta betiko utzi zuen kimikaria. Parisen ezarri eta bere bizitzako etapa europarra hasi zen. Indar eta gogo guztia musikan eta pianoan jarri zuen, eta Belgikan, Suitzan, Italian, Ingalaterran, Alemanian eta beste hainbat herrialdetan eman zituen kontzertuak. Madame B. Roudanezek argitara eman zituen haren pianorako lanak 1923an. Ezagutu zituen herri guztietan, hil arte, hotelak izan zituen etxe.

Ameriketako aldia
1927ko otsailaren 13an, ama hil zitzaion, meningitisak joa. Hurrengo urtean, amaren galerak bihotzean utzi zion hutsune sakona lagun, Ameriketara joan zen. Amerikar etapa hori Brasilen hasi zen. Berceuse de palmeras en el Brasil lana idatzi zuen orduan. Brasildik Uruguaira abiatu zen 1929an, eta handik Argentinara. Buenos Airesen hango euskaldunekin egin zuen topo. Montevideo, Córdoba eta Rosarion ere jo zuen urte horretan, eta goraipatua izan zen bertako egunkarietan.

1930ean New Yorkera iritsi zen. Etxeorratzen hirian American Women's Association elkartea aurkitu zuen, eta beste emakume artistekin harremanetan jarri zen bertan. Parisen bezala, garaiko abangoardia artistikoekin bat egin zuen. Estatu Batuetan zegoela, gainera, ordutik aurrera bere karrera erabat markatu zuen irakaslea ezagutu zuen: Augusto Novaro mexikarra. Estatu Batuetan kontzertu ugari eskaini zuen. 1932an, Poema místico eman zuen lehenbizikoz, eta, bost urte geroago, Mexiko Distrito Federalean betiko gelditzea erabaki zuen. Han, Novaro irakaslearekin egin zuen lan. Garai horretakoak dira 11 tientos, 5 estudios para piano eta 4 canciones, Ricordik argitaratuak.

Nafarroatik urrun igaro zituen urte luzeetan, ez zitzaion inoiz itzali bere herriarekiko maitasuna, eta abertzaletasuna, sorterritik kanpo ere, sutsu bizi izan zuen. Francoren diktaduran Euskal Herriak bizi zuen zapalkuntza salatu zuen beti. Kontuan hartu behar da haren senideek, abertzale eta errepublikazaleak baitziren, errepresio latza pairatu zutela. Martin, kaputxinoa, eta Nestor, Iruñeko katedraleko kalonjea, deserrituak izan ziren; eta EAJn afiliaturik zeuden Eladia eta Alejo espetxeratu zituzten. Eladia kartzelan hil zen 1939an. Haren omenez idatzi zuen Emilianak Sinfonía Elegíaca.

1949. urtean Hermosillora joan zen, Sonorako Unibertsitateko abesbatzaren ardura bere gain hartzera. la 40 urtez bizi izan zen han, beti hoteletan. Abesbatzako zuzendari, konpositore, muskarien irakasle eta hizlari izan zen. 1976an, 86 urte zituela, Joaquin Fuentes senarra hil zitzaion. Hermosillon, 63 urteko emakume ezkongabea zela uste zuten denek orduan. Egia jakitea ezuste handia izan zen. 1987ko maiatzaren 26an zendu zen. Hermosilloko antzoki eta plaza batek dute haren izena, eta baita Sonorako Unibertsitateko abesbatzak ere. Haren omenez egindako bustoa ere unibertsitatean dago.

Iturria: wikipedia

Azken eguneraketa: 2019-06-13

Creative Commons lizentzia


2024 IAMETZA

LEGE OHARRA PRIBATUTASUN POLITIKA

HARREMANETARAKO