Emakumeak
Maistra, ikastolen sortzailea, euskararen sustatzaile eta emakumeak baztertzearen kontrako borrokalaria.
Elvira Justa Zipitria Irastortza (Zumaia, Gipuzkoa, 1906ko maiatzaren 28a - Donostia, Gipuzkoa, 1982ko abenduaren 26a) maistra, ikastolen sortzaileetarikoa, euskararen sustatzaile eta emakumeak baztertzearen kontrako borrokalari izan zen. Eusko abertzale sutsua eta euskal abertzaletasunaren eragile, jeltzalea (Emakume Abertzale Batzako kide) eta katoliko fededuna, frankismoaren urte beltzenetan isilpean eta ausardiaz jokatu zuena. Pedagogia aurrerakoia erabili zuen, besteak beste ikasle zituen neskatoen eta mutikoen arteko berdintasuna aldezten zuena.
Bizitza
1922an, Lehen Hezkuntzako Irakasletzako ikasketak hasi zituen, eta lau urte geroago nota bikainekin burutu. Errepublika garaian sortu zuen bere lehen ikastola, Donostiako Alde Zaharreko Ikatz kalean. Francoren altxamenduaren ondorioz, Sarara joan behar izan zuen ihesi. Urte gutxiren buruan itzuli zen, eta gerra aurretik abiatutako lanarekin jarraitu zuen, berriz ere ikastola bat martxan jarrita. Eragin itzela izan zuen gerra ondorengo ikastolen hasieran; esan daiteke hura izan zela euskal eskolaren gerra aurreko eta gerra ondorengo mugimenduak lotu zituena.
Ikastolen alde lanean jardun zuen, 1982an zendu zen arte. Baina ez zen soilik haurren andereño izan. Ikasleekin batera, euskarazko irakasle bilakatu nahi zuten Irakasletzako ikasleak etortzen zitzaizkion Elbirari, praktikak egitera; geroko ikastolen hazia erein zuten irakasle berriak. Euskara batua ez zuen sekula onartu, eta bere bizitzako zio bihurtu zuen haren aurkako gurutzada, bere azken urteetan.
Euskara eta pedagogia berritzailea erabili ohi zituen. Bi ardatz horiek oinarri hartuta, ondorengo ikastolen sustraiak errotu zituen Zipitriak. Piaget, Freinet, Makarenko eta Montessori pedagogoen teoriak gurera ekartzen lehena izan zen. Oso irakaskuntza aurreratua erabili zuen, garai hartako eskolekin aldea nabarmena zen. Berak ez zuen bere metodologiari buruz ezer idatzita utzi.
Helduei euskara irakasten ere jardun zuen. Gau eskola zuen antolatua, batez ere euskaldun zaharrak alfabetatzeko.
Iturria: Wikipedia eta Euskomedia