HASIERA HONI BURUZ MAPA EMAKUMEAK MEG EKARPENA EGIN

Creative Commons lizentzia


2024 IAMETZA

LEGE OHARRA PRIBATUTASUN POLITIKA

HARREMANETARAKO

SAIOA HASI  

Emakumeak


Dolores Ibarruri Gomez
Politikaria
1895-12-09 - 1989-11-12

Dolores Ibarruri Gomez, "Pasionaria" ezizenez ezaguna, bizkaitar politikari komunista izan zen. Euskal Herrian sortutako politikari handienetakoa eta mugimendu komunistako emakumerik ezagunenetakoa izan da.

Dolores Ibarruri Gomez, "Pasionaria" ezizenez ezaguna (Gallarta, Abanto-Zierbena, 1895eko abenduaren 9a - Madril, 1989ko azaroaren 12a), familia meatzari ugari eta pobrean hazi zen Euskal Herriko industrializazioaren hasieraren testuinguruan.. Aitak euskaraz bazekien baina bizi ziren giro erdaldun eta behartsuan ez zion euskara irakatsi. Giro politikoari dagokionez, Espainiak Kuba eta Filipina Uharteetako azken koloniak galdu berriak zituen eta, Lehen Mundu Gerraren ondoren komunismoaren lehen suspertzeak hasi ziren munduko hainbat gunetan.

Politika
Hiru urtez neskame egon ondoren, Julián Ruiz Gabiña meatzari sozialistarekin ezkondu zen, hogei urte zituela. Errusiako Iraultzan boltxebikeek izandako garaipenarekin txundituta, El minero vizcaíno agerkarian hasi zen lanean. 23 urte zituen eta, Aste Santua zenez, Elizak Jesu Kristoren Nekaldia edo Pasioa oroitzen duen aldia, Pasionaria sinatu zuen. Ezizen hori betirako deitura bihurtu zitzaion. Garai haietan, Somorrostroko elkarte sozialistako kide egin eta langileen aldeko ekintzetan zuzenean parte hartzen hasi zen (1917ko abuztuko iraultza greba). III. Internazionalaren aldeko ahaleginetan murgildu zen 1919an, Errusiako Iraultzaren oihartzunak mundu guztira zabaldu ondoren.

Bizkaiko lehen talde komunista eratzen parte hartu zuen 1920an, eta Espainiako Alderdi Komunistaren lehen Kongresuan 1923an. Alderdi horretako Batzorde Nagusiko kide izendatu zuten 1930ean eta Madrilera joan zen 1931n, Mundo Obrero egunkariko erredaktore izateko.

Errepublika eta Gerra Zibila
Kartzelan izan zuten 1931ko urritik 1932ko urtarrilera arte. Handik irtenik, Alderdi Komunistaren IV. kongresua hartu zuen parte. Batzorde eragileko kide hautatu zuten kongresu hartan. Berriro kartzeleratu zuten, 1933ko urtarrilera arte. Pro Infancia Obrera eta Agrupación de Mujeres Antifascistas izeneko erakundeak bultzatu zituen urte hartan.

1932an, ordurako bananduta zegoela, Madrilen izendatu zuten Espainiako Alderdi Komunistako Emakumeen Atalaren arduradun. Espainiako Bigarren Errepublikaren sasoian, diputatu hautatu zuten Asturiasen. 1934an, Emakumeen Batzordeko I. Kongresuan presidente aukeratu zuten, eta Parisen parte hartu zuen Emakumeen Munduko Kongresuan, gainera Asturiasko iraultzan parte hartu zuen, eta gordeta bizi behar izan horren ostean. Seme-alabak Errusiara bidali zituen ikastera.

Espainiako Alderdi Komunistako ordezkari izan zen Moskun, III. Internazionalaren VII. batzarrean. 1936. urteko urtarrilean preso hartu zuten Madrilen, eta diputatu hautatu zuten Asturiasen urte hartako otsaileko hauteskundeetan.

Apur bat geroago, Espainiako Gerra Zibila hasi zen, eta bertan protagonismo handia bereganatu behar izan zuen. Komunisten propagandagilerik gartsuena izan zen; haren ahotik irten ziren ¡No pasarán! (Ez dira pasako!) eslogan antifaxista eta Más vale morir de pie que vivir de rodillas (Hobe zutik hil, belauniko bizi baino) esaldi ospetsuak. Euskadiko Autonomia Estatutuaren alde mintzatu zen Madrilgo Parlamentuan (1936ko urriaren 1a). Gerra Zibilean sinbolo bilakatuta, Miguel Hernándezek, Rafael Albertik eta Pablo Nerudak beren poemetan aipatu zuten. Gerra galdutakoan, Espainiatik alde egin eta Sobiet Batasunera jo zuen.

Erbestea
1942an, José Díaz hildakoan, Ibarruri izendatu zuten Alderdi Komunistako idazkari orokor. 1942ko urte hartan bertan, Ibarruriren seme Rubén Ruiz Ibarruri Stalingradeko guduan hil zen, 22 urte zituela. Doloresek errusiera ikasi zuen, eta Stalinekin eta munduko beste agintari batzuekin elkarrizketatu zen. Bakearen Lenin Saria jaso zuen, eta Moskuko Unibertsitateak honoris causa titulua eman zion. Hainbat bidaia egin zuen garai hartan.

Francoren ondoren
Franco hil ondoren, Asturiasa itzuli zen, eta, laurogei urte zituela, Asturiasetik diputatu izendatu zuten berriro 1977ko ekainean. 1983an Dolores pelikula estreinatu zuten. Argentinan parte hartu zuen Maiatzaren Plazako Amek egindako protestaldietan, bere bizitzako azken urteetan.

Guztira, sei seme-alaba izan zituen Dolores Ibarrurik; haurretan hil zitzaizkion lau, eta beste bat (Raúl) Stalingradoko guduan hil zen. Bizirik aurrera atera zen alaba bakarra, Amaya Ruiz Ibarruri, Madrilen bizi izan zen bere azken urteetan 2018an zendu zen arte. Bere bilobak aldiz, Moskun eta Madrilen bizi dira.

Iturria: Wikipedia

Azken eguneraketa: 2019-02-04

Creative Commons lizentzia


2024 IAMETZA

LEGE OHARRA PRIBATUTASUN POLITIKA

HARREMANETARAKO