Emakumeak
Bizenta Mogel Elgezabal euskal idazlea
Bizenta Antonia Mogel Elgezabal Azkoitian jaio zen 1782an, eta euskaraz idatzi zuen lehen emakume moduan ezagutzen dugu. Garai hartan emakume oso gutxik zeukan ikasketak jasotzeko aukera. Mogelek, osaba Joan Antonio Mogelen aldetik jaso zituen ikasketak. Garai hartan ez zegoen ondo ikusia emakumeek idaztea, eta zenbaitetan gizonen izenean sinatzen zituen beraien lanak. 22 urte zituela, libreki eta euskaraz, 1804an Ipui onac kaleratu zuen.
Ipui onac, ceintzuetan arquituco dituzten euscaldun necazari ta gazte gueiac eracaste ederrac beren vicitza zucentzeco (1804, Undiano). Gipuzkerazko alegia-bilduma bat da, Esoporen latinezkoetatik berrogeitamar alegia itzuliak edo egokituak, prosaz. Alegia hauen ondoren, Bizentaren osabaren bertsoz jarritako beste zortzi datoz. Bizentaren alegiak hizkuntza ulerterraz eta atseginean daude idatziak, bere esanetan, ahalik eta irakurle gehienengana iristeko asmoz.
Euskarazko lehen fabula-liburua da hau. Garai hartan latinetik itzultzea ez zen lan makala, euskara arauturik ez zegoenez, euskalki desberdinen artean erabakitzea zaila baitzen. Bertsoak ere idatzi zituen. Euskara literarioaren eredua osabarengandik hartu zuen: garbia, kultua baina ulerterraza, ume eta baserritarrentzat idazten zuen eta. Fabulaz gain, iruzkin konprometituak idazten zituen, jauntxo eta baserritarren harremanak azpimarratuz, zintzotasuna eta mantsotasuna eskatuz.
Bizenta Mogelen garaiko usteen arabera, ahozko tradizioko ipuinak ez ziren egokiak, hauek ez zirelako moralaren aldetik behar bezain zuzenak. Ipuinek balio didaktikoa behar zuten, onak izango baziren.