Emakumeak
Balendiñe Albizu (Zumaia, Gipuzkoa, 1914ko irailaren 18a - ib., 2002ko irailaren 20a) euskal idazlea izan zen, poeta.
Balendiñe Zumaian jaio zen. Ama, Endañeta baserriko Manuela Aizpurua. Aita, Juli Simon Albizu, itsas-gizona. Zazpi senideren artean seigarrena eta neska bakarra. Aita Gran Solen zela jaio zen Balendiñe. Bost urte zituela hasi zen eskolan eta ez zekien gaztelaniaz. Buruz ikasi behar izan zituen hitz zerrenda luzeak. Hamabi urterekin amaitu zituen hango kontuak, Aritmetika eta Geografia apur bat ikasita.
Lehen urratsak
14 urte zituela Julio Beobide eskultorearen modelo lanean hasi eta haren modelorik ezagunenetarikoa bihurtu zen. Beobide eskultoreak Balendiñeren gaztetako irudia, behin eta berri, tailatu zuen egurrean.
Lantegi hartan bideratu zuen Bakendiñek arterako bokazioa. Jakinminak piztu zion irakurtzaletasuna ere Garai hartan elizako liburuetatik aparte, ezin zen beste askorik irakurri. Nobelak irakurtzea ere pekatu zen. Balendiñek ezkutuan landu behar izan zuen bere zaletasun hori. Victor Hugo, Unamuno, Baroja eta Clarin bere kuttunen artean. Irakurketaz gozatzeak idazteko gogoa sortu zion. Literaturgintzarako bere bokazioa autodidakta legez lan eginez burutu zuen.
Antzerkiaren munduan ere murgildu zen Balendiñe. Izan ere, Zumaian, Batzokian politikaz aritzeko elkartzean, antzerkigintzan ere aritzen baitzen Joxe Etxaberekin.
Gerra Zibila
Gaztaroa laister goibeldu zitzaion Balendiñeri. Gerra Zibila aurrera zihoala, frankotarrak Donostiaz jabetu ziren eta 1936ko irailaren 21ean, itsasontzi bat hartu zuen jaioterrian eta Ondarroara jo. Emakume bakarra zen berrogeiren bat gizasemeren artean; berarekin zihoazen lau neba. Berehala, ordea, elkarrengandik galdu eta sakabanatu egin ziren. Eta horrela, lehendik ezaguna zuen Ixaka Lopez Mendizabal tolosarrarekin, Bilbora abiatu zen. Han, Sabin Etxean, ezagutu zuen Juan Manuel Bilbao, Mundakako Uri Buru Batzar-eko presidentea, gerora bere senarra izango zena eta honek bere herrira lanera joateko eskatu zion. Han jardun zuen Balendiñek, lehenengo batzokian eta gero mojen komentuan, gudariei laguntzen: jaten ematen, arropak garbitzen zein txukuntzen.
1937ko apirilaren 26an Gernikan suertatu zen. Hegazkinak azaldu eta bonbak lehertzen hasi zirenean, lubaki batean gorde behar izan zuten. Mundakara itzuli eta Queipo de Llanori irratiz entzun zionean euskaldunek kiskali zutela Gernika, Balendiñe suak hartu zuen. Horri irtenbidea emanez idatzi zuen bere lehen poema, Gernika sutan.
Gerrak aurrera egin zuen ordea, eta Balendiñe eta bere lagunek Mundaka utzi eta Bilbora jo behar izan zuten Hiri hau galdutakoan berriz, Santanderrera. Eta hantxe, Eusko Jaurlaritzak Sardinero gainean zeukan etxean ezkondu zen, 1937ko azaroaren 6an, Juan Manuel Bilbaorekin. Lanestosan osatu zituzten ezkontza zibileko paperak.
Berriro ere alde egin beharko zutela jakinik, kontrako bidea hartu behar izan zuten, Mundaka, Zumaia eta abarrak atzera utzi eta Bidartera joan ziren, Ipar Euskal Herrira. Han, Jaurlaritzak eritegi modura zeukan La Roseraie etxean kokatu eta bertan jaio zen seme zaharrena, Josu, 1939ko abenduaren 12an.
Erbestea
Erbestearekin ordaindu zuen gaztetandiko abertzaletasuna. Gerra amaitu ondoren, errepresalien beldur, 1940ko martxoaren 13an Venezuelarako bidea hartu zuten Marsellako portuan, eta maiatzaren 5ean iritsi ziren, lehenik Caracasera eta gero Bolívar izenekora. Lehenengo senarrarekin handik lasterrera dibortziaturik, berriro ezkondu zen, bigarrengoan Rafael Calvo Leturiarekin.
Erbestean EAJren ekimenetan parte hartu zuen. Caracasen abertzaleen agerkarietan idatzi zuen Euzkadi, Euzko Gaztedi, Sabindarra eta Irrintzin batez ere. eta Radio Euzkadiko esatari ere jardun zuen.
Itzulera
Franco hil ostean, hainbat urtez, Euskal Herria eta Venezuelaren artean bizi izan eta gero, 1995ean behin betirako kokatu zen jaioterrian; bertan zituen bi seme zaharrenak. Venezuelan geratu ziren, ordea, seme- -alaba gazteenak, biak Unibertsitateko irakasleak, Asier Arkitekturan eta Goiz--Eder Filosofian: “Horixe da gerra madarikatuak utzi didan azken hutsunea, erbestean gelditu diren seme eta alabarena” adierazten zuen.
Iturria: wikipedia